XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arantzazuko poetarekin batera amaitzeko, bere poema baten zatitxoa ekarriko dut gogora, nire hurrengo lerroetako gogoa oso ongi azpimarratzen duelako:

Irteten utzi. Jarioari dariola utzi.
Asko ala gutxi, utzi. Datorrela utzi,
etorri datorrenari
.

Aurkezpena

Zer da?

Ikasgeletan erabiltzeko tresna: liburukia.

Nahi baduzu, paperezko tresna, testu inprimatua.

Irakasleek eta ikasleek eskuen artean erabiliko duten tresna molderraza.

Batzuen eta besteen ekimenak bideratzeko untzia; gogo eta pretentsio baten jomuga ireki eta tolesgarria.

Ez dago haserreturik bideo-zintarekin; ez du ordenagailurik errefusatzen; ez ditu beste motatako gailu edo aparailuak ukatzen.

Alderantziz, tresna baliagarri guzti horien meritua baieztatu arren, are gehiago, haien osagarri izan gabe, bere ideosinkrasia azaldu nahi du, hobekuntzaren abantailak finkatu, eta erabilkera zuzenaren txekea sinatu.

Txanpa, beraz, liburu-eskeman sartzen da, euskara irakasteko sistematizazio berezi batean, alegia.

Zertarako da?

Zeharka esana baldin badago ere, zehazkiago esanda, azpimarratu behar da Txanpa behar bati, eskakizun zehatz bati, berreskapen orokor bati erantzun asmoz jaio dela.

Orduan, zein izan da eskakizun hori?

Urte batzuk atzeragoko lanari begiratzen badiogu, Euskara Mailakaren izenarekin eratutako sistemari ukitu bat eman behar zitzaion; aurrera begiratuta, berriz, urrats berriak eman behar zirela ohartu ginen, aldi berriari arrapostu berriak eskainiz.

Beraz, euskarak indizio berria behar zuen, zalu eta sotil irauteko; eta, aldi berean, ilusio eta kuraia sorrerazi beharko zuen aurrerantzean.

Horretarako tresna, euskara liburukia, Txanpa, itxura erakargarriaz azaldu behar zen.

Honi Txanpak irakaskuntzaren erreformari erantzun behar ziola eransten badiogu, gauza interesgarria izanik ere, bigarren mailako aspektua ukitzea litzateke.

Egia da, oraindik orain, liburu honek Eusko Jaurlaritzaren onespena jaso du, horrelako esaldiek konfiantza eta nolabaiteko mirespena sorrerazten dutela egia da.

Eta, beharbada, hala izan beharko du, edozein trapu zahar soineko bitxi ordez sar ez diezaguten.

Ulertzekoa da.

Azkenik, esperantzari leiho bat zabaldu omen diote, abeslariak zioen bezala; nik ere bai errepikatuko nuke hemen.

Hauxe izango zen, laburbilduz, Txanparen xede, jomuga eta helburu marraztu gabea, baina, sakonean, esango dudanaren azpi-azpian egongo litzatekeena: era batean edo bestean erabiliko dutenei esperantzaren leihoa ireki eta haize freskoa eskaintzea.

Atalak

Txanpa liburukia den aldetik eta liburuki lez aztertzen dugun neurrian, sistema batek osatzen du, egitura batek, elementuen sailkapenak, etab.